XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bide-lotune horrek hirigunearen eratzean izan zuen garrantzia nabarmenki areagotu zen Iparraldeko Trenbidea (Ferrocarril del Norte delakoa) Gipuzkoan finkatu zenean, herrian lehen mailako geltokia eta lurrinezko makinen depositua baitzeuden: hain zuzen ere, 1863ko irailaren batean igaro zen ofizialki lehen trena bertatik.

Bestalde, jakin badakigu jadanik XIV. mendean lanean ari zela Beasainen, Oria ibaiaren ondoan, Igartzako burdinola ospetsua, oraindik zutik dirauen eta burdinolako jabearen, olajaunaren, egoitza zen izen bereko jauregiaren aldamenean kokatua; beste errege batzuen artean, Felipe III.ak bisitatu zuen Igartzako burdinola Frantziara zihoala, haren idazkari zelarik Antonio Navarro Larreategi j., herriko semea

1861ean, garai hartan Iurreko eta Igartzako burdinolen jabeak ziren Domingo Goitia j.ak eta Martin Usabiaga j.ak elkarturik, Frantzisko Arana j.arekin batera, lehen fabrika modernoa sortu zuten Beasainen, batez ere hirugarren bazkidearen jabetzako Burugorriñea baserriko lursailetan, egur-ikatza eta zegokion manufaktura erabiliz, labe garaietako burdingintzan jarduteko; Fábrica de Hierro San Martín izena hartu zuen fabrikak eta gaur egun C.A.F. enpresa dagoen lekuan kokaturik zegoen.

Bi gauza horiek, komunikazioek eta fabrikak, eragin zuzena izan zuten azken ehun urteetan sumatu den hirigunearen hazkunde bizkorrean.

Hirigune horren eta baserrien egoera, eta bataren eta besteen arteko proportzioa zehaz-mehatz jakin ahal izateko, udalerriko planoa, 1978koa, erantsi dugu.

I-8.- Etxeen zerrenda, beren izen eta egoerarekin

Hiriguneko zenbait etxe, lehenago, beren izenez ezagutzen baziren ere, gehienei jabearen ondasun bezala, jabearen izenarekin edo beraren lanbidearenarekin, deitzen zitzaien: Tellerian etxea, Errementarin etxea, etab.

Gutxi dira etxearen izena etxearen aurrealdean agertzen dutenak, hala nola Mendia eneak Kale Nagusian, Leku alaiek elizaren ondoan, eta besteren batzuk.

Kaleak antolatzerakoan erabilitako zenbakiek irentsi dituzte gainerakoak.

Horregatik, udalerri guztiko baserrien izenak bakarrik aipatzen ditugu jarraian, 1978ko urrian horietako bakoitzak zuen egoera adieraziz, (...)